Murgiltze eredu urardotua

Esparru euskaltzale batzuetan kezka dago euskarazko murgiltze-eredua ez ote den sobera urardotu. Kezkatua nago ni ere eta iruditzen zait eredua hobetzeko proposamenak egin eta entzuteko garaia dela. Nik, oraingoan, ingelesaren irakaskuntza goiztiarraz egin nahi nuke gogoeta, zeren, ingelesa Haur Hezkuntzan ikasten hastea orokortu den arren, ikerketa batzuen arabera, anitzez egokiago litzateke haurrak 6-8 urterekin hastea atzerriko hizkuntzak ikasten (Europar Batasuneko herrialde gehienetan, esaterako, Lehen Hezkuntzan hasten dira atzerriko hizkuntzak lantzen).  
Bestetik, orain, garai batean ez bezala, umeek ingelesa esku-eskura daukate inguruko pantaila orotan; ingelesa geroago ikasten hasiko balira ere, sinetsita nago hizkuntza azkarrago ikasteko modua izanen luketela egungo baliabideak eta teknologia ongi probestuz gero. 
Badirudi uste dugula Euskal Herriko haurrak munduko buru-argienak direla, baina, tamalez, munduko haur guztiak bezalakoak dira: hizkuntza batean sakon eta taxuz murgildu ezean, ezin hiztun oso bihurtu. Batzuetan iruditzen zait eleaniztasunaren ziria ederki sartu digutela, pozik egin diogula amuari kosk. Azken batean, kosmopolita espainolzaleei, Sánchez Espainiako Erresumako lehendakari izan ala ez, bost axola zaie murgiltze-eredua diglosia betikotzeko tresna bihurtzea. Kontua da ea guri axola zaigun, ea prest gauden ustel gertatzen ari diren ildoetatik aldentzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!