Negua heldu da eta

Aurrekoan, lagun bat kexu agertu zitzaidan Eguberrietan haurrendako oso ikuskizun gutxi daudelako euskaraz Iruñean. Gayarre Antzokian Harkaitz Canoren lan bat estreinatuko dutela aipatu nion, Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez izenekoa. Lanak itxura ederra duela ere esan nion. Laguna, beraz, sarrerak hartzen saiatu, eta, hara non, emanaldia gaztelaniaz izanen dela ohartu zen. Badaezpada ere, antzokira deitu zuen, beldur eta itxaropenezko korapiloa sabelean. Antzokiko langileak emanaldi bakarra egonen dela berretsi zion, gaztelaniaz: El mundo está roto pero se puede caminar.
Beste lagun batek Izaroren kontzertu baterako sarrera oparitu dit. Ni harekin joatea nahi du, Izaro baitu euskal kantaririk gogokoena. Baditu bi kantu bereziki kuttun: La Felicidad eta Invierno a la vista. Horixe, ba, negua heldu da. Baina, tira, abenduko azken egunak ez dira izaten hilabete hasierakoak bezain ilunak. Gainera, Iruñeko Udalean aldaketa bide dator... ba, ea aldaketak negu mina eta neguko minak goxatzen dizkigun, ea San Saturnino eguneko argiontziek baino argi eta zorion iraunkorragoak ekartzen dituen, ekartzen dizkigun, batez ere euskaraz bizitzen saiatzen eta nekatzen garen familia euskaldun euskaltzaleei: negua heldu da eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!