Telegrama gori-gori dut egunotan, Mugikorrik Gabeko Nerabeen mugimendua Nafarroara iritsi berri baita. Dagoeneko 1000 bat guraso eta hezitzaile batu gara ekimenera eta 40 bat talde sortu dira, herrika edota ikastetxeka antolatuak gehienak, eta euskaraz jarduteko talde bat ere eratu da. Kezka berberak batu gaitu: oso arduratuta gaude ikusita zer-nolako ondorioak izaten ari diren mugikorrak gure gaztetxoen egunerokoan.
Izan ere, adituen txostenak gero eta kezkagarriagoak dira: mugikorren erabilera kaltegarria omen da gaztetxoen garapen neuronalerako, ongizate emozionalerako, harremanetarako… Mendekotasunaren arriskua ere hor dago, eta gero eta gehiago dira online jokoan ari diren gazteak, baita pornografia matxista eta misoginoa ikustera ohitzen ari diren haurrak ere.
Egia esan, eztanda honek sentipen gazi-gozoak eragin dizkit: batetik, poza, bazen-eta garaia; bestetik, amorru txiki bat, alaba DBHn hasi zenean sakelakorik ez erostea erabaki baikenuen, eta erabaki horretan oso txiki eta oso friki sentitu baikara maiz. Orain, ordea, gaiaren inguruko ekimenak ugaritzen ari dira. Tolosan “Altxa burua” deitu diote elkarteari: izen egokia iruditu zait, eta gurasoei ere esan behar zaigun agindua dela uste dut, mugikorren kontuan ere guk izan behar dugulako haiendako eredu.