Egun on:
Uxue Razkin Cómo se le dice adiós a una madre liburua argitara ematekoa zela jakin nuenetik nengoen hura eskuartean eduki eta irakurtzen hasteko irrikitan, ni ere ama galtzearen bizipenetik pasatakoa izanda, halako kontaketa zailari nola eta nondik ekin ahal ote zitzaion, jakingosez.
Liburua irentsi egin dut, negar-malkotan noski, hain da ederra eta samurra, gogorra eta gordina bezainbeste. Kontaketa oso fragmentatua da, galera baten istorioari hobekien egokitzen zaion moduan, alegia, nire esperientzian behintzat, ez zaidalako iruditzen linealki narratu daitekeen prozesu bat denik, anekdotiko bezain sakon izan daitezkeen detaile eta sentsazioen bitartez osatutakoa baizik.
Ni ere amagabea naiz, bidelagun onena zitzaidan ama paregabe batena gainera, eta benetan: zein ongi irudikatzen duen Uxuek gorputz baten gainbeheraren drama, eta galeraren min izugarria. Zorionak Uxue, eta batez ere, mila mila esker, amaren umezurtz garenon errelatoa osatzeagatik!