Plazak, baloiak eta mutilak: faborez, noizko neurriak?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo

Egun on: 
 
Etxetik ateratzearen momentuari beldurra izaten diot, haur mutiko-talde bat  izaten baita hortxe baloiarekin jolasean, porteria gisa erabiliz ondo-ondoko garagearen atea. Irudika dezakezue ateratzeagatik bakarrik hartzen dudan arriskua, jo eta fuego ibiltzen baitira baloiarekin, indar edo--are bortizkeria--nabarmenarekin, horretan bizitza balihoakie bezala, baloia hartu, mantendu, bota, eta noski, goooooola sartu. 
 
Lehen momentu horren ondotik, bigarren bat dator delikatu samarra, plaza zeharkatzearena, hor okerrago izten da, nor pasatzen den ere berdin zaiela, begiak baloitik altxatu gabe, korrika, bultzaka, eta gutxien espero duzunean, ondo-ondotik igarotzen zaizula baloia. Ea, aski da. Baloiarekin non, noiz eta nola jolasten den erregulatu beharra dagoela esatea ez da izango oso iritzi popularra, baina zalantzarik gabe, halaxe da, eta presazkoa. Arrazoiak, hemen: 
 
Bat: baloiarekin jolasteak gaur, futbolean aritzea esan nahi du, honek kolonizatu baitu pilotarekin jolasteko dauden aukera guztien irudimena, eta ez da   jadanik beraz, haurren erabaki librea, oso oso kondizionatutakoa baizik. Bi: futbolak hartu duen dinamika eta moldea ez da batere eredu osasungarria, eta oso balore, interes, eta harreman-mota zalantzazkoak zabaltzen ditu. Horiek dira, hain zuzen, mutilek erreproduzitzen dituztenak. Hiru: mutikoak dira nagusiki, horretan eta horrela aritzen direnak, maskulinitatearen eredu estereotipatu eta arriskutsuena gorpuztuz. 
 
Lau: espazio publikoan ezin da edonon, edonola aritu, punto, hitzak berak dioen bezala, publikoa da, eta adin, interes, gaitasun eta egoera oso diferenteetako pertsonek okupatu beharko lukete. Espazioak denentzako modukoak izan behar dira, eta nagusiki, arriskua dakarten edo beldurra eragiten duten aktibitaterik gabeak. Bost: norbaitek edo zerbaitek espazioa beretzat hartzen duenean, beste norbaitek behar dio bere espazioa okupatzeari utzi. Eta nola ez, kasu honetan, neskak, aktibitate lasaia(goa)k, pasiatzaileak, etab. 
 
Dagokionari, otoi: hartu neurriak. Eta futbolean jolastera, futbol-zelaietara. Listo. Mila mila esker La Furia, meloia irekitzeagatik. 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!