Egun on:
Gauza on guztiek dute oinarrian askatasunaren baldintza, eta harritu egiten naiz horregatik, libre adjektiboa daramana hain markatua dela ikusita. Badira eskolak, eta eskola libreak. Amodioa, eta amodio librea. Ez al zaizue iruditzen bitxia? ez ote luke libre hitzak definitzen duena naturala izan behar, eta libre ez denari jartzea etiketa? libre hitzaren kontrakoa ez baita neutroa, baizik eta ez-librea, eta beraz, bideratua, edo inposatua, edo behartutakoa. Nola naturalizatu dugu hori izatea gure berezkotasuna?
Askatasuna ez-ohikoa zaigu, eta beraz, arrotza, eta ezezaguna, eta berezia da horregatik haren inguruan eraiki dugun iruditeria. Horrela, kaotikoak eta araurik gabeak irudikatzen ditugu adibidez eskola libreak, askatasuna ordenarekin inkonpatiblea balitz bezala. Haurrek egin nahi dutena egin dezaketela deskalifikazio gisa aipatu ohi da, nahi duguna eginez ikasteak--eta bizitzeak--sortzen digun erakargarritasuna, inbidia erreaktibo bilakatuz, ia erreakzionarioki.
Ikasketak ere--benetakoa eta esanguratsua izango bada--askatasunaren baldintza du, nahi edo behar duguna baino ez baitugu ikasten, zoritxarrez edo zorionez. De facto hori hala izanik, ikasleen eskura jakintzaren eskaintza zabal, anitz eta iradokitzaileena jartzea litzateke eskolak egin beharrekoa, baina asko txikituz denek ikasi beharreko curriculuma, eta bakoitzak benetan ikasi nahi duen horri aukera gehiago eta toki handiago emanez.
Ikastetxeak benetako ikastoki bilakatuko badira, libre(ago) izan behar dira. Bestela barkatu, baina beste zerbaitez ari gara.