SUMMERHILL

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo 2025ko urt. 22a, 15:49

Egun on: 
 
Summerhill, munduan existitzen den eskola librerik enblematikoena da. Duela jada mende luzea sortu zuen Neill pedagogoak Ingalaterran, eta hor dirau, gobernu ezberdinek ezarritako arazoen gainetik, zutik eta tinko, bere printzipioei leial. 
 
Neill oso pedagogo apurtzailea izan zen, garaiko pedagogia zorrotz, zurrun eta autoritarioari aurre eginez, erabateko askatasunaren printzipiopean funtzionatuko zuen eskola sortu baitzuen, haurren eta gaztetxoenganako konfiantza osoaren oinarrian. 
 
Summerhill oso eskola berezia da, beste ezaugarri batzuen artean, barnetegi moduan funtzionatzen duelako, 5 urtetik aurrerako haurrek eta 18 urtera bitarteko gaztetxoek osatzen dutena. Eredua ez da beraz oso "esportablea", baina eskola gidatzen duten printzipioak oso oso iradokitzaileak dira, askatasuna maite duten hezitzaile guztiek oso aintzat hartu beharko lituzketenak. 
 
Arauak eta elkarbizitza denen artean erabakitzen dituzte, eskolaren bizitzarako organo gorena den eskolako batzarrean. Bertan, balio bera du haur txikienaren bozkak nola eskolako zuzendariarenak, pertsona guztien eskubide berdintasuna eta benetako autogobernua muturrera eramanez, koherentziaz. 
 
Klase arruntak egon badaude, baina ezaugarria askatasuna denez, nahi badute bakarrik doaz ikasleak klaseetara, edota nahi dutenetara. Gainerakoan, beren bidea egiten dute, beren bizitza diseinatzea eta egitea baitagokie haurrei ere, ttipi izanagatik. Helburua zoriontasuna da, askatasunez jokatzea baina arduraz, pozik bizi eta lan egiteko gaitasuna lortzea. Hori da Summerhillen daukaten arrakastaren kontzepzioa. 
 
Zorionez, UEUk euskaraz argitaratu berri du Neillen Summerhill liburu klasikoa, Santi Anguloren itzulpenarekin, eta Arantxa Urberen hitzaurre inspiratzailearekin. Lagunok, jada aitzakiarik ez: Summerhill guztion apalategietara! 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!