Egun on:
Hezkuntza, komunitate baten kide izateko haurrek ezagutu behar dituzten jakintzak igortzeari esaten diogu, baina ez da hori bakarrik, sisteman integratzeko eta onartuak izateko garatu behar duten funtzionamendu patroia ere erakusten baita hezkuntzaren bitartez. Eskolari aitortzen zaion funtzio nagusienetako bat, hain zuzen, gaztetxoak gizarteari adaptatzeko tresna izatea da.
Hau, baina, ez da dirudien bezain neutroa, kontuan hartu behar genukeelako eskola-instituzioa dela tituluak emateko eskumena duen bakarra, eta hortik igaro beharra dagoela, bai ala bai, horregatik. Titulu bat eskuratzea hain da lan mundurako beharrezkoa, non ikasleek ez duten eskatzen dieguna egitea beste aukerarik, eta honetan datza psikologian masiboki eragiteko eskolak duen ahalmena.
Sustatzen duen perfil psikologikoa, gizarte-eredua sustengatzeko beharrezkoak diren ezaugarri karakterialen arabera diseinatutakoa da: amorru beti moderatua, gu bideratzeko autoridade bati ematen diogun oniritzia, plazerrari uko egiteko behar den masokismo dosia, abnegazioa, konplazentzia, lana sariaren truke egitea, eta abar. Hau aldatu ezean, nekez izango da eskola gizarte-eraldaketarako tokia, gizartearen neurosia erreproduzitzeko funtsezko pieza baizik.