Egun on:
Gauza jakina da zenbat konplexu dugun euskaldunok hizkuntzarekiko, besteak beste horixe delako kolonizatuon ezaugarria, gutxiago sentitzen garela, eta adi ez egotekotan, gurea den horrekiko erreparo edo are arbuioa ere garatu dezakegula, jatorri euskalduna izan baina ukatu egiten duen jendearen adibideak ongi erakusten duen bezala.
Horren guztiaren ondorio da historikoki inokulatu diguten eta azkenerako barneratu egin dugun inposatzaile konplexua, horretarako erabiltzen diren argumentuak birziklatu eta berritu egin behar izaten direlarik, noski, denbora berrietara egokituz eraginkortasuna mantendu dezaten.
Azkenaldian, gaizki ulertutako heziketa librearen printzipioetatik heldu zaigu nahasmena, min handia egiten ari den uste ustelaren bitartez: haurrak etxetik dakarren hizkuntza propioari ez zaiola mugarik jarri behar, interbentzionismoa delakoan.
Bada, hautu linguistiko libre eta naturalen defendatzaile neutroei galdera: zuen eskolara haur frantses, aleman, edo senegaldarrik etortzekotan, honi ere errespetatuko al zeniokete bere hizkuntza-hautua?...
Euskararen kontra gauza asko ikusita geunden, baina orain, haurren askatasunaren izenean? mesedez!