Egun on,
Derradan hasieratik, nik ere bihotza uzkurtuta jarraitu ditudala Valentziatik azken asteotan iritsi zaizkigun berriak, eta kaltetuekiko enpatiaz, desolazioa ere sentitu dudala, horrelako egoera bat bizitzea zer izan behar den irudikatze hutsaz.
Beraz, ez nator inondik ere sentimendu hori epaitzera, besteen minagatik hunkitzea logikoa ez ezik, txalotzekoa ere badelako, bortizkeria hainbeste gailendu den garai hauetan. Elkartasuna, gugan dagoen humanitatearen taupada da, eta beraz, ñabardurarik gabea.
Kontua da, zein hondamendirekiko sentitzen dugun hunkidura, zeinentzat bideratzen den laguntza, zeintzuk diren horren arrazoiak, zein ondorioak. Ukaezina da Valentziar herriarekiko elkartasun erraldoia, gure asimilazioaren ondorioa ere badela, zeren eta, elkartasuna internazionalismotik interpretatzen dutenei esan beharko litzaiekeen bezala, ez dugu batere berdin jokatzen munduan gertatzen diren beste uholde, lurrikara edo bestelako desgrazien aurrean, minutu eskas batzuetako samina eragiten digutenak, gehienez. Eta arrazoi xume batengatik: ez dugu horiei buruzko bonbardaketa mediatikorik jasaten.
Beraz, ohar gaitezen gutxienez, gure asimilazio nazionala lortzeko erabiltzen diren bide eta modu ezberdin guztiez, nola dena baliatzen den horretarako, eta saia gaitezen esparru guztietan horren aurreko erresistentziari eusten, gure kontraesanen kontzientzia hartuz, sikiera.