Egun on,
Ez zaigu gustatzen euskararen egoera larria dela entzutea, baina datuak begiratuta, ez dut uste hori inork zintzoki uka dezakeenik. Normala da iritzi ez oso popularra izatea, orain arteko gure aktibismoa aski antzua izan dela onartzea delako, eta hori, psikologikoki, oso demoralizatzailea da. Inork ez du gaitz larria eduki nahi baina, behin edukita, hobe diagnostikoa eta pronostikoa ongi ezagutzea, ezta?
Euskara politikarekin nahasi behar ez delako ustea oso ustela da, horixe delako hain zuzen euskarak behar duena, POLITIKA, baina hitz larriz idatzitakoa, hizkuntza osasuntsu guztiek dutenaren parekoa, estatu-politika, alegia. Badirudi Herri honen helburuetako bat dela estatu independenteek dituzten eskubideak edukitzea, baina independentziarik lortu behar izan gabe. Eta hori, euskaldun gaixook, ezinezkoa da, euskararen egoeraren bilakaerak ongi erakusten duen bezala; beren herrien independentzia delako hizkuntzek bizitzeko behar duten ekosistemaren oinarria.
Gurean, hemen independentzia ezinezkoa dela tematuta daude euskal politikari direlakoak, eta lotsagorritu gabe esaten dute, beren lehen eginkizunari uko egiten ari zaizkiola jakitun ez balira bezala, eta sentitu beharko luketen kontzientzia txarra eta ardura batere erakutsi gabe. Eta larriagoa dena, ilusioaren kea salduz, gabezia horrek herriari dakarkion hondamendiaren berri eman ordez.
Noiz arte?