Egun on:
Nafarroako ikastolen festa ospatu zen pasa den igandean Zangozan, eta milaka euskaltzale bildu zen bertan, dela ikastolaren alde, dela euskararen alde. Bertan euskarazko eskola publikorik ez egoteak eragina edukiko zuen jendearen parte hartzeari dagokionez, badelako jendea ikastolaren alde dagoena bakarrik eskola publikoa ez dagoen tokietan, horietan bakarrik dagoelakoan justifikatua ikastolaren presentzia.
Ikastolak Euskal Herriaren Eskola Publiko Nazionala izateko borondatearekin sortu ziren, Herriaren ekimen miresgarri eta txalogarrian, horrelakorik ez genuela agerikoa zen garaian. Orain jada ba omen dugu euskal eskola, eta publikoa, eta nonbait, ez da jada beharrezkoa. Baina, benetan al da gurea? benetan al da "euskal"?
Nazio eta estatuentzat ezinbesteko erakundea da hezkuntzarena, horren bitartez dutelako hurrengo belaunaldiek jakin beharrekoa bermatzen. Bada, garrantzia horren jakitun, nork sinetsi dezake Espainiak tamainako eginkizunaren eskumena eman egin digunik?
Ez, eskola publikoak segitzen du Espainiarena izaten, "euskal" esaten bazaio ere (esaten zaion tokian), edo euskaraz irakasten uzten badigute ere. Beste kontu bat da ikastolak ere ez duela jada hasierako funtzioa betetzen, administrazio beretik jasotzen baitu dirua, eta trukean, badakigu...
Tira, Euskal Eskola Publikoa egiteko dugula oraindik, eta geure estatua martxan jartzerakoan baino ez dugunez lortuko, badakigu arreta non jarri