Euskal eufemismoak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ablanedo 2024ko urr. 9a, 17:07

Egun on: 
 
Ikasleekin eufemismoen gaia landu berri dut, ezinbestekoa delako gazteei terminoen sakoneko esanahia antzematen erakustea, mezuak ongi ulertzen eta errealitatea egoki interpretatzen ikas dezaten. Politikoki zuzenak diren diskurtsoez mintzatu gara, ekintza askoren bidegabekeria samurtzeko eta estaltzeko erabili ohi diren ordezko hitzei buruz. Orohar, hizkuntzaren balio ideologikoa ekarri nahi izan dut mahai gainera. 
 
Horretan ari ginela, Euskal Herria herri menderatua zela argi esaten zeneko garaikoa naizela oroitu naiz, kolonizazio eta inperialismo kontzeptuak oraindik entzun egiten zirenekoa. Eta ezberdintasunaz ohartu, nola gurea gizarte anitza dela esango zaien oraingo gaztetxoei, edo elkarbizitza hitzak ordezkatuko duela asimilazio prozesuen izendapena.
 
Une batez, hitz horiek boterearen hiztegi interesatuaren adibide gisa aipa nitzakeela otu zait, zapalkuntza ezkutatzeko ezinbestekoa den estrategiaren adierazgarri. Baina, jada ez direnez botere arrotzaren kamuflajerako eufemismoak, baizik eta gure errealitatea izendatzeko guk geuk darabilgun diskurtso propioa, ixildu egin naiz. Baina penaz. 
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!