Egun on.
Askotan hitz egiten dugu eskolaren curriculum-az, eta bertan egin beharko genituzkeen aldaketa ezinbestekoei buruz. Eskolaren curriculum ezkutukoak, ordea, ihes egiten digu, eta ez gara ohartzen hori dela eskolak haurren izakeran eta ideologian eragiteko daukan tresnarik eraginkorrena, esplizituak diren edukiak baino gehiago. Itxuraldaketa kosmetikoetatik areago hezkuntza errotik irauli nahi badugu, agerikoa ez den baina berebiziko esanahia duen curriculum honetan jarri beharko genuke arreta.
Ezkutuko eduki hauek, normalizatuak ditugulako erabat naturalak iruditzen zaizkigun eskolako elementu horiexek dira, zeinak hain berezkotzat jotzen ditugun, non kuestionatu ere ez ditugun egiten. Kalifikazio-sistemarekin, adibidez, ikusi egiten dugu nahiko ez-justua dela, eta notak jartzeko bestelako prozedurak bilatzen ditugu, baina kontua da ez dugula auzitan jarri ere egiten ikasleak kalifikatzearen ekintza bera, eta hori da benetan ikasleen mentalitatean geldituko dena: norbaitek zu kalifikatzearen normalitatea. Pentsa zer nolako ideologiari komeni zaion hori horrela izan dadila.
Errealitatea begiratzeko betaurreko moreak erabiltzen ikasten eta irakasten ari garen honetan, nola pasatu zaigu hain oharkabean ikastetxeetan langile garbitzailearen figura egotearen bitartez, gaztetxoei helarazten diegun mezua? zer nahi dugu ikas dezaten, beti egongo dela norbait beraiek zikindutakoa garbituko duena, eta norbait hori, gainera, emakumezkoa izan ohi dela? ez dakit hori nahi dugun, baina hori da erakusten ari gatzaizkien zaintzaren eredua. Horrelako edukiei ere buelta bat eman behar diegu, ez duzue uste?