Kataluinar nazioaren egun handiaren ospakizunagatik, edo
Eskozian erreferendum hori egin zuteneko urteurrenean gaudelako,
ohi baino gehiagotan entzun dut egunotan independentzia hitza, eta
poztekoa da.
Independentzia beti da gauza ona, salbuespen eta ñabardurarik
gabe, gainera. Begiraiozue bestela, beste aukera posibleari:
dependentzia. Nork nahi du mendeko izan, burujabe izaten ahal
denean? bai, absurdua da.
"Independentista" hitzak, ordea, asaldatu egiten nau. Zeren eta,
nazioa ez baldin bada gure maila indibidualaren dimentsio kolektibo
eta kulturala baizik, gorago aipatu logikak berak bilakatzen du
kontzeptua zentzugabea. Jende guztia da independentista, zein
nazionarena, hori da kontua.
Ez dakit zuei, baina niri susmagarri egiten zait independentista ez
direla dioten horien kritiken jomuga beti berdinak garela ikustea. Ze,
independentzia hain gauza txarra baldin bada, independentziaren
kontrako diskurtsoekin jadanik independiente diren horiengana jotzea
litzateke-eta logikoena, ez da hala? horiek baitira gaitza gainetik
kentzeko beharrik premiazkoenean direnak!
Lagun, gauzarik errazena da munduko hiritar internazionalista ez
nazionalista arriskutsu horiek ixilaraztea: independentzia ona ez dela
diotenean, kalakarekin beren estatu independentearengana jo dezatela
esango diegu, eta horiek berenari behin uko eginda joango
gatzaizkiela gu atzetik.
1
Zuk burujabetza edukitzea, eta besteena ukatu nahi izatea oso
kontu itsusia da. Eta izen bat dauka.