Metaforiko

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sagardoi 2021ko eka. 8a, 15:07

Ezaguna denez poeta handiek eta politikari eskasek metafora dute lanabes. Eta betiko kantautoreek eta kazetariek. Eta pantailak eta karrikak itsuski kutsatzen dituzten publizistek. 

Aukeratzekotan nik egunerokoan erabiltzen direnak maite ditut bereziki. Billabesen elkarrizketatan edota anbulatorioen itxaron gelatan entzuten ahal direnak, alegia. Besteak beste izebergarena izaten da horietako bat. Gai edo gorputz baten zatirik handiena gordeta eta txikiena agerian dagoela adierazteko erabiltzen den estrategia metaforikoa.

Sorterria sekain-lurretan dugunok, hala ere, metafora horren aldaera ez horren nautikoa darabilgu arruntean. Izebergaren lekuan sumendia nahiago.

Wikipediak dioenez, sumendia lurraren gainazalean dagoen berezko irekidura edo arraildura da, barrualdean dauden solidoak edo jariakariak (gasak, lurruna, laba, errautsak) ateratzen uzten duena. Izan ere, sumendi baten barrualdeko egiturak hiru oinarrizko osagai ditu: tximinia, gaiak irteteko bidea; kraterra, tximiniaren kanpoaldeko irten-lekua, eta magma galdara, magma osatzen den lekua. 
Metaforiko jarrita analogiak igartzea ez da zaila. Magma galdarak azkeneko urteetan Iruñerrian euskaratik eta euskaraz sortu diren egitasmoak irudika litzake. Pandemia garaian isilean eta kementsu auzolanean labari bide egin diotenek tximiniatik badute zerbait. Eta kraterra gazteluko plazaren bigarren portalean kokatzea egokia dirudi oso.

Metaforari jarraiki azken hitzak: erupzioa izugarria izanen da. 

Uda on!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!