Tabu

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sagardoi 2021ko mai. 11a, 16:41

Terror & Taboo. Joseba Zulaika eta William Douglass antropologoen lan ezagun batek hori du izenburu. Duela hogeita bost urte idatzita egon arren, lerro eta orrialde mamitsutan hurrengo hamarkadetarako klabe izan diren ideia giltzarriak bertan daude jasota. Horien artean terrorismoaren tabuarena da interesgarrienetariko bat.

Definizioz tabuaren natura anbibalentea da. Aldi beran, sakratua dena arriskutsua baita, ezpurua, debekua. Terrorismoaren tabuak bilakatzen du terrorista ero, demonio, basati, kriminal. Non eta fantasiaren eta mitoaren arteko bidegurutzean.

Lagunartean, jolas etilikoen artean, biziki maite dugu tabuarena. Araua xinplea da: ezkutaturik dagoen hitza asmatu behar da hitza bera aipatu gabe. Gakoa, beraz, iradokitzaileak izan daitezkeen mintzoak aukeratzea da.

Etiliko edo ez, iduriz, poliziak ere gustuko du tabuaren jolasa. Izan ere, Arrotxapeko hainbat gazteren etorkizuna, lehendik ere Altsasu, Antsoain edo Santseko beste gazte batzuekin gisan, Tabu partidan erabakiko da. “Talde kriminal”, “kale borroka” edo “erakunde politiko erradikal” erabili dituzte. Ezkutuan gordetzen duten hitza asmatzea ez da zaila.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!