OSASUN SISTEMA KOLAPSATUTA: ORAIN ERE JENDEAREN ERRUA IZANGO AL DA?
Asteburuan larrialdietan lan egiten duen mediku bati galdetu nion ea zer moduz lanean, egoera gaiztotzen ari zela entzuna nuela. Sutan zegoen eta honela esan zidan: “Eztul pixka bat edota sukar baxua duen jendeak ospitalea kolapsatzen du, ez al dakite parazetamol bat hartu eta atseden hartu behar dutela, hau da, ospitalea benetan larri daudenentzat utzi?”
Pentsakor geratu nintzen eta, nik, sutan, gogor erantzun nion. Onartu nion, baietz, gutxi batzuek baliabideen erabilera desegokia egiten dutela, baina azpimarratu nion arazoa ezin dela inolaz gaixorik ospitalera doan jendea izan eta hiru arrazoi eman nizkion:
Beldurra erraietaraino sartuta dauka gizarteak, baina hipokondria orokortua egoera mediatikoak sortu du, desinformazio bonbardaketa etengabearen bitartez.
Kolapsoaren erroa baliabide falta da, baldintza normaletan ezinean dabilen sistemak nekez erantzungo baitio ezohiko egoera bati.
Ez dugu gure osasunaz inolako jakintzarik eta Googleko lehenengo bilaketan topatzen duguna egiten dugu.
Gizarteak ez daki ibuprofeno eta parazetamolaren artean desberdintzen, eta duela ez hainbeste urte parte handi batek irakurtzen ere ere ez zekien. Analfabetismoaren errua irakurtzen ez zekienarena al zen? Jakintza falta badago, baina ez dugu jendea ospitaletik harrika botata soluzionatuko.
Inposatzen ari diren ikuspegia Covid garaian birusa zabaltzearen arrazoi nagusia konfinamendu arauak betetzen ez zituen jendea zela eta soluzioa leihoetan zipaio lanetan aritzea sustatzen zuen ikuspegi bera da. Ezin dugu onartu ondorioa kausa gisa agertzea.
Lotsagarria izan da, bide batez, alderdien artean elkarri osasungintzaren desegitea nola leporatzen dioten ikustea. Gutxi hitz egin da oraindik, baina pasa den astean Europar Batasunak bere ohiko eufemismoekin, baina argi utzi zuen bukatu dela Covid garaiko salbuespen ekonomiko egoera eta murrizketak datozela. Ondotxo dakigu Beltzezko Gizonek zer esan nahi duten