Irakasle askok eta askok noizbait geure buruari egin diogun galdera: nola sustatu espiritu kritikoa ikasleen artean? Edo beste modu batera esanda, nola sustatu borroka sozial eta politikoaren beharra, astun hutsa izan gabe?
Urriak 13. Saio osoa Palestinako egoeraren inguruan eman dugu: testuinguru historikoa landu, sarraskiaren bideoak ikusi, autofedefentsaz eztabaidatu…azaleko gogoetak bai, baina sakoneko hausnarketak ere partekatu ditugu. Hala ere, ikasle baten aipuak barrenak nahasi dizkit: “Hau badakigu dagoeneko, askotan ikasi dugu”. Jota joan naiz etxera. Nola da posible horrelako irudiak ikusi eta inongo emoziorik ez sortzea?
Maria Climenten “iragazgaitzak” artikulua iritsi zait eskuartera. Honela dio:
“Sarri galdetu izan diot neure buruari nolatan ez gaituen barrutik suntsitzen besteen sufrimendua ikusteak. Pornoaren adibidea oso argia da: desira sortzen zaien unean haurrak pornoa ikusten hasten badira, eta porno hori biolentoa bada, biolentziak kitzikatuko ditu; eta, une batean, haiek ere sexu-harremanetan biolentzia beharko dute kitzikatzeko. Eta batez ere, enpatia garatzen den garaian indarkeria besterik ikusten ez badute, bortxatutako emakume baten irudiak ikusteak ez die axolako, eta, are okerrago, kitzikatu egingo ditu”.
Informazio gaindosiak eta etengabeko dopamina jarioak arrazionalki pentsatzea ekiditen digute, eta Googleri galdetzearekin erantzun posible oro topatuko dugula sinetsi dugu. Baina, zorionez, oraindik ere ez zaigu emozionatzen ahaztu. Senti ditzagun gorrotoa, maitasuna, mina edota amorrua. Pentsa dezagun, eta batez ere, ekin diezaiogun eta ez gaitezen behiak bezala trenari begira geratu.