Aurrekoan sarean irakurri nuen hemendik aurrera ez dela ez sailkapenik ez eta saririk ere egongo Larrau Larrau eta Irati Extrem bizikleta martxetan. Denbora hartuko omen dute, eta kirolari bakoitzari bidali, baina ez da sailkapenik egongo. Erabakiak hautsak harrotu ditu eta aldeko zein kontrakoek sareak astindu dituzte. Niri ideia bikaina iruditu zait.
Azken urteetan, eta batik bat pandemia ostean, lasterketen boom bat egon da, eta korrikalari zein txirrindulariok kolonizatu egin ditugu natur inguruneak. Strava bezalako sare sozialek, bide batez, hankaz gora jarri dute aisialdiko jarduera fisikoaren eredua, eta errekorraren kontzeptua absurdora eraman dute.
Duela aste batzuk ezagun batek harro-harro esan zidan Hiru Ermiten martxan errekorra egin zuela. Nik, haserre, galdetu nion ea nola zen posible denborarik hartzen ez den eta sailkapenik ez dagoen martxa batean errekorra egitea.
Gizarte kapitalistan norgehiagoka oinarrizko balioa da, eta, zoritxarrez, erraietaraino sartua dugu. Lehiaketaz luze jardun gintezke, baina oraingoan, ideia bat soilik nabarmendu nahiko nuke. Ez ditzagun kutsatu espazio parte-hartzaileak, plazer hutsezkoak, eta ez lehiakorrak. Mendi martxa baten antolakuntzak kartelean korrika joatea debekatuta dagoela esan behar baldin badu, zerbait aldatu beharrean gaude.