Juan Roig Mercadonako jabea urteko balantzea egiten ari dela, publikotik emakume batek moztu egin dio:
-Barkatu, Juan Roig jauna, Mercadona Beti Prezio Baxuak izatetik Beti Prezio Altuak izatera pasa da.
-Bai arrazoi duzu, prezioak astakeria bat igo ditugu, baina egin izan ez bagenu desastre bat izango litzateke.
-Aurtengoa desastrea izan da, lapurtu besterik ez baituzue egiten! Zenbat irabazi duzue aurten?
-718 milioi euro irabazi ditugu, baina irabazi tasa murriztu egin zaigu, urte gogorra izan da denontzat.
-Aurpegia behar da gero hori irabazita urte gogorra izan dela esateko. Nola justifikatzen duzue elikagaien prezioa horrenbeste igotzea?
-Ez da gure erabaki pertsonal bat, eskaintza eta eskariaren legea da, eta ekoizpen katea zaindu beharra zegoen. Enpresariok aberastasuna eta ongizatea sortzea beste helbururik ez dugu.
-Hipokrita zikina! Zuek sortzen duzuena mozkinak baino ez dira, zuen langileen kontura eta janari txarra urre prezioan erostea besterik ez dugunon kontura. Akaso zuei ez dizuete esan janariarekin ez dela jolasten?
-Barkatu, andrea, oso hitz itsusiak dira.
-Zer barkatu eta zer demontre! Hitz ponposoak erabiltzen dituzue, baina oinarrizkoa den beharrizan batekin negozioa egiten ari zarete, eta, bitartean, ehundaka pertsona gosez hiltzen ari dira. Auzia ez da supermerkatu bat edo bestea, kapitalista jatorra edo kapitalista bihozgabea, bertako produktua edo kanpokoa, ekologia edo ekonomia.
Orain, ni bakarrik nago hemen, eta zuei tomate batzuk lapurtzeko indarrik baino ez dut. Baina iritsiko da eguna, elikagaiak kolektiboki kudeatuko dituguna; osasungintza, hezkuntza eta ekoizpen osoa langileok antolatuko duguna, eta ez prezio baxu ez altu, diruaren beharrik gabe gizartea antolatuko duguna. Pikutara Mercadona!