Atzoko albistea: energia merke, garbi eta agorrezina lortu dute Estatu Batuetan. Akabo krisi energetikoa. Handik ordu batzuetara, ordea, onartu dute hau ez dela inondik inora energia krisiarentzako aterabide bat izango.
Badirudi, lehen aldiz, fusio erreakzio batean energia irabaztea lortu dutela eta mugarri zientifikoa ikaragarria da. Errentagarritasun energetikoaren langa igaro dutela dirudi. Beti bezala, esperimentu bat amaituriko produktu gisa saldu du prentsak, baina metodologia zientifikoari eta bideragarritasun komertzialari dagozkion galdera asko eta asko erantzun gabe daude oraindik.
Borroka geopolitikoa puri-purian dago eta ezin dugu ahaztu ikerkuntza hauek helburu militar argiak dituztela. Konfinamendu inertziala, esaterako, lehergai termonuklearren oso antzekoa da. Mugarri zientifikoa bai. Propaganda basatia krisi energetiko, teknologiko eta geopolitiko garaian? Hori ere bai. Epe ertaineko soluzioa? Inolaz ere.
Arazoa ez da energia edo aldaketa klimatikoa, gizarte antolaketa baizik. Ez dauka zentzurik finitua den planeta batean hazkunde infinituan oinarrituriko sistema ekonomiko bat mantentzeak. Soluzio magikoak saltzen dizkigute, kapitalaren zurrunbilo suntsitzaileak bere horretan iraun dezan. Manhattan plana ere, energiaren arazoarekin amaitzeko plana omen zen eta ondotxo dakigu nola amaitu zuen.