Zenbat jendek bukatuko du kartzelan supermerkatuan lapurtzeagatik?
Esku batez asko hitz egin den honetan, eskubideez arituko naiz ni gaur. Etxebizitza, esaterako, eskubide bat da, baina paper errea besterik ez da, dirurik ezean. Krisi garaian soldata erreala behera doa, desberdintasun sozialak handitzen ari dira eta inflazioa sarraskia eragiten ari da errenta baxuenetan.
Ba al zenekien preso kopurua Franco hil zenetik zortzi bider handitu dela? Langileria miseriara kondenatzearekin nahikoa ez, eta errepresioaren bidean tinko dihardu estatuak: okupazioaren aurkako legea laster ezarriko dute; baliogabetu egingo dute sedizio delitua, baina gogortu desordena publikoena, eta, hori gutxi balitz, oraindik bizirik dirau Mozal Legeak.
Baina sumindura handiena eragin didana zera da, lapurreta txikiak kartzelaz zigortzeko aukera ezarriko dela, eta, aldiz, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatiko zigorrak jaitsi egingo direla. Zer egingo dute beren oinarrizko beharrak asetzeko gaitasunik ez duten milaka pertsonak lapurretara edo okupaziora jotzea beste aukerarik ez duten testuinguru batean?
Tristea da, baina, azken batean, ez dago Zigor Kodea gogortzea baino neurri merkeagorik.