Krisialdian gaudela dagoeneko ez du inork ezkutatzen eta agintariak hamaika neurri hartzen hasiak dira. Metafora txiki bat eginez esan genezake egunero lurra garbitzen dutela, teilatuko itoginari ezikusiarena egin diezaiogun. Jakina da ,ordea, konpontzen ez den teilatua behera etorriko dela berandu baino lehen.
Aditu guztiek diote mundua inflexio puntu batean dagoela eta norabidea markatzeko garaia dela. Baina zer norabide? Kapitalak badauka bere errezeta: prekarizazio basatia, masen doktrinatze kulturala eta eskubideen ezabapen sistematikoa.
Norabide hori maiz kritikatu izan dugu azken urteetan, baina proposamen politiko falta aurpegiratu izan zaigu sarri. Bertsolari Txapelketa Nagusia Iruñera datorrela eta, honatx Gazte Langileon Proposamen Politikoa hamarreko handian:
Kapitalaren krisi sakonak
langilea du kolpatu,
pobretzea eta lan baldintzak
behar dira borrokatu.
Kultur industria apolitiko
antzu honekin amaitu,
oinarrizko baliabideak
badauzkagula bermatu.
Eginkizuna bat da finean:
sozialismoa hedatu.