Imanol Satrustegik bere liburuan Nafarroako Ezker Iraultzailearen jatorria, errotzea eta gainbehera aztertu ditu, maisuki eta euskaraz. Hiru elementu azpimarratuko nituzke: elkarte kristauen erradikalizazioak izandako papera, oinarri sozialaren trasbasearen tesia eta, historiatik harago, eztabaida politikoetan sakontzeko egindako saiakera.
Bigarren oldarraldi proletarioan, euskal masa mugimendu erradikalak esperientzia politiko ikaragarria utzi zuen, eta askorentzat oso ezezaguna da oraindik ere. Borrokaren bidez soldatak % 10, % 20 edota % 30 igo ziren garaiaz mintzo da liburua; langileak barrakaren jabe sentitzen ziren garaiaz; Frenos Iruñako, Motor Ibericako edota Potataseko greben garaiaz, greba orokor iraultzailearen eta salbuespen egoeren garaiaz…
70eko hamarkadako eta oraingo testuinguruaren artean, antzekotasun handiak topa ditzakegu: metaketa krisia, inflazioa, gerra, finantziarizazioa, sozialdemokraziaren saldukeria… baina ezberdintasunetako bat nabarmena da: alternatiba politiko erreal baten gabezia.
Despolitizazioa eta desengainua nagusi den garai hauetan, belaunaldi berriok ezinbestekoa dugu iraganeko erreferentzietara jotzea, egindako borroken aitortza egitea eta borroka horien lekukoa hartzea; testuinguru historikoak konparatu eta garaian garaiko eztabaidak birproduzitzea, akatsetatik ikasi eta alternatiba berri bat eraikitzea.
Gaur egun ere, zorionez, badagoelako beste mundu bat nahi duen jenderik.