Donostiako asteburuko gertakariek harrabotsa piztu dute eta su txikian egosten egon den gatazkak eztanda egin du. Gertaera konkretuetan baino, tentsio igoera honen kausen inguruan gogoeta egin nahiko nuke, aterabidea nahitaez hortik etorriko delako. Bere hegemonia kolokan ikusten duen mugimendu baten eta indarrez goraka datorren mugimenduaren arteko talka politikoa da mahai gainean dagoena.
Jaio zen unetik Mugimendu Sozialistaren existentzia ukatzea izan da Ezker Abertzalearen jarrera, eta hori ezinezkoa izan zaionean mugimendua politikoki isolatzea. Horretarako, batetik, gezurrak zabaldu dituzte: espainolistak ginela, misoginoak ginela, Ezker Abertzalea suntsitzea beste helbururik ez genuela, biolentoak ginela...Bestetik, higadura gerra abiatu dute: propaganda kentzea, ingurune sozialetatik kanporatzea, mota guztietako mehatxuak egitea, arrazoi politikoengatik lanetik botatzea, Txosnetatik kanporatzea...
Eta hau guztia zertarako? Alternatiba komunista gorpuztea eragozteko.
Baina, askok oraindik onartu nahi ez badute ere, Mugimendu Sozialistak bere tokia egin du Euskal Herriko agertoki politikoan, eta hau onartzea ezinbestekoa da.
Inolaz ere ezin dugu tentsio politikoa gerra ireki bihur dadin utzi. Horretarako, beto politikoak alde batera uztea eta militatzeko baldintzak bermatzea exijitzen dugu. Bien bitartean, tentsio egoera baretzeko gure konpromisoan berresten gara. Asko dugu jokoan.