2021ean gutxienez 41.359 etxegabetze gauzatu ziren Espainiako Estatuan, eta horietatik 247 Nafarroan. Hori da datua. Eta zifra handiagoa dela badakigu. Izan ere, etxegabetze estrajudizialak edota isilpekoak ez dira kontuan hartzen. Gainera, etxebizitzen salerosketa prezioa gora eta gora ari da eta alokairuen prezioa ia bikoiztu egin da bost urtetan.
Espainiar Konstituzioak etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea jasotzen du. Baina, zertarako balio du eskubideak, dirurik ez baduzu? Ezertarako ez. Mediatikoki pisua galdu duen arren, etxegabetzeen arazoak dimentsio ikaragarria izaten jarraitzen du, eta prekarizazio orokortu eta inflazio basatiaren garaian, joerak okertu baino ez dira egingo. Mehatxua nabarmena da eta funtsean dagoena da gizarte honek ez duela hain oinarrizkoa den etxebizitzaren beharra bermatzen. Eskubideak paper errea baino ez dira proletariotzarentzat.
Nire aitonak esaten zuen ezurteen ostean baiurteak etortzen direla, eta pazientzia edukitzeko. Oso zabaldua dagoen ikuspegia da oraindik ere, errealitateak kontrakoa erakusten digun arren. Krisia oraina da, baina baita etorkizuna ere.
Aitonaren ikuspegi baikorra berreskuratu beharko genuke bai, baina borrokaren bidez dena aldatzea posible dela gure buruari sinetsarazteko.