Hedoi Etxartek maisuki azaldu digu Berrian euskara klase ertainaren mugetan kokatzeak zein ondorio dituen. Kontakizun (eta praktika) legalista baten mugak nabarmendu eta euskararen 70eko bultzadaren eta antagonismo politikoaren arteko lotura azpimarratzen ditu testuan.
PAIren inposaketari, zonifikazioari eta oro har, euskararen aurkako erasoei aurre egitea ezinbestekoa da, bai, baina ezin dugu inolaz ere pentsatu berdintasun formalarekin arazoa konpontzen dugunik. Ikusi, bestela, Irlandako kasua. Kontrakoa, Aitor Bizkarrak dioen bezala, egoera diglosikoaren oinarri erreala den horretan eragin behar dugu.
Hizkuntzarena klase borrokak zeharkatutako auzia da, ezinbestean politizatu beharrekoa. Neutral gisa planteatzen da askotan, modu horretan jende gehiagok aldarriak babestuko dituelakoan. Edukiz husten baldin badugu, ordea, dinamika klasemedianista birproduzitu eta gizartearen zati handiena kanpo uzten duen aldarri antzu bihurtzen da hizkuntzaren defentsarena.
Euskarak bizirik iraun dezan oposizio-elementu gisa berraktibatu beharra dago eta hau langileriaren eskutik izango da edo ez da izango. Finean: eskubideen aldarri hutsetik euskaraz bizitzeko baldintza errealak jartzera pasa behar dugu.