Sistema kapitalista krisian dagoela begi-bistakoa da: inflazioaren igoera historikoa, sable hotsak, gaixotasun mentalen gorakada, prekarizazio joera basatia, osasun sistema publikoaren ahulezia, larrialdi klimatikoa, amaitu ez den pandemia, kontrol sozialaren areagotzea…
Agerikoak diren fenomeno horien kausak eta harremanak ordea, konplexuagoak dira. Real politikak, propaganda antikomunistak eta erreformismoak min handia egin dute, eta gizartearen idiotizazioarekin batera koktel inplosiboa osatu dute. Jende askori lehenago datorkio burura munduaren amaiera kapitalismoaren amaiera baino, eta horrek politika posibilismoaren mugen barruan giltzapetzen du.
Maiatzaren lehena ate joka dugun honetan, mugimendu politiko bakoitzak bere aldarriak mahaigaineratuko ditu, eta urte osoan ikusi gabeko erretorika obreristaz beteko dira kaleak. Aberastasuna birbanatu behar dela, zaintza erdigunean jarri behar dela, soldata duinak behar direla, Vox gelditu behar dela, eliteen aurrean demokrazia indartu behar dela, publikoa indartu behar dela...
Baina komunismoaren aldarria ere aspaldian ikusi gabeko indarrez entzungo dugu Euskal Herriko kaleetan. Ideal utopiko bat izatetik urrun, gauzen egungo egoera deusezten duen benetako mugimendua delako komunismoa. Kontseilu Sozialistek helburu argia dute: pairatzen ari garen ofentsibari aurre egiteko mekanismoak garatzea; mugimendua indartu eta ofentsibara pasa ahal izateko. Hobekuntzek zentzua izango dute, baldin eta mugimenduaren indar posizioa hobetzen badute.
Ez dago alternatibarik. Historiak argi erakutsi digu ez dela ezer aldatzen, dena aldatzen ez bada.