Jakinduriaren etxea apurtu. Ikasle grebaz.

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2022ko mar. 30a, 12:51

“Enpresak hezkuntzatik kanpora” zioen martxoaren 24ko Ikasle Grebako pankarta batek. Hezkuntza ere obretan dago eta lan erreforman bezala, ezer konpontzetik urrun, eskola porrota bezalako arazoak estaltzea eta sistema egonkortzea du helburu estatuak. Digitalizazioa, ekintzailetza, gaitasun tekno-matematikoak, enpresen esku-hartzea eta abar luzeek esanahi argia dute: kapitalaren modernizazioa.

Milaka ikasle atera ziren kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta 34 gazte atxilotu zituzten Gasteizen, pikete batzuetan parte hartzeagatik. 34 Bai, ondo ulertu duzu. Doakiela hemendik besarkada bat.

Hezkuntzak, labur esanda, bi funtzio nagusi betetzen ditu: soldatapeko lanerako prestatzea eta diziplinatzea. Mundua pentsatu eta jokatzeko modu bat erakustea, alegia. Logika horrek hezkuntza ibilbide osoa determinatzen du eta meritokraziak bere lana egiten du behar diren profil konkretuak merkatura bideratzeko. Gainontzekoak hor konpon!

“Gure jakinduriaren etxea” erasotu izana salatu du EHUk, baina ondotxo dakigu bertan ekoizten dena kapitalaren proiektu eta gaitasun intelektualak baino ez direla. Batzuek ez dute segundorik galdu. Piketeetako indarkeria salatu dute eta demokrata eta biolentoen dikotomia famatua mahai gaineratu dute berriro ere. 

Unibertsitateak campusaren militarizazioaren bidea aukeratu du, eta Bizikidetza Legearen bidez antolakuntza eta disidentzia politiko apurrak ito nahi ditu. Ikasleek, berriz, erreformen aurkako borroka eta hezkuntza sistema sozialistaren  aldarriak uztartu dituzte, badakitelako sistemaren barruan ez dagoela aterabide posiblerik. Kolpea jaso dute, bai, baina erakutsi dute ikasle mugimendua hortzak erakusteko dagoela.
Manifestazioetan entzundako aldarriekin utziko zaituztet:

    • Atxilotuak askatu!
    • EHU lotu txakurrak!
    • Enpresak hezkuntzatik kanpora!
    • Hezkuntza sistema sozialista eraiki!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!