Berogailuak itzali ala kaleak piztu?

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2022ko mar. 16a, 14:48

Pasa den astean Borrelek berogailua jaitsi eta gas kontsumoa murrizteko eskatu zion europar orori. Errusiar jatorriko energiaren mendekotasuna murriztea omen zuen helburu, eta Ukrainarekiko elkartasun keinu gisa saldu du zenbaitek. 

Datu pare bat: jarduera ekonomikoek gasaren % 90 baino gehiago kontsumitzen dute eta etxeek % 5  baino ez. Espainiak, gainera, apenas kontsumitzen du errusiar gasik. 

Politikarien zinismoak ez du mugarik, baina funtzio garrantzitsua betetzen du: beldurra sartzea eta estatuaren jarduna zilegiztatzea. Hamaika aldiz entzun dugu azken aldian esfortzu estra bat beharrezkoa dela salbuespen egoeran gaudelako. Esfortzua, ordea,  langileriak egiten du. Salbuespen egoerak gainera, hainbeste luzatzean, salbuespen izateari uzten dio eta normalizazio joera arriskutsu bihurtzen da. 

Ukrainako gatazkak beste dimentsio bat hartu du azken asteetan eta gerra hibridoaren garapena ikaragarria izaten ari da. Faktore militarraz gain, propagandak eta zentsurak pisu itzela hartu dute; zigor ekonomikoak kalkulaezinak dira; zibererasoek gora egin dute; eta Joe Bidenek, esaterako, Hirugarren Mundu Gerraren mehatxua egin izanak, tentsio belikoaren termometroa gori-gorian dagoela erakusten digu.

Gatazka armatuaren eta zigorren kalkuluak gerra inperialistaren izaera agerian uzten du eta blokeen arteko indar posizioa hobetzea beste funtziorik ez du. Etorkizuneko gerretarako, merkatuetarako, azpiegituretarako, edota natur baliabideen kontrolerako. Gobernuak gastu militarra langileriaren espolioaren bidez finantzatzen ari dira eta pobreen zergak oinarrizko bizi baliabideak eskuratzea gero eta zailago egiten du milaka eta milaka pertsonentzat.

Errezeta argia da: pobretzea orokortu gainbeheran dagoen irabazi tasa salbatzeko, eta hau guztia zentzu komunaren batasun abstraktuan oinarrituta. Eta ez, inflazioa ez du gerrak eragin. Lehenagotik zetorren eta luzerako doala dirudi; eta beraz, presta gaitezen, ez hotza pasatzeko, ofentsiba honen aurka borrokatzeko baizik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!