Ez begiratu gora, ingurura baizik

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Kañamares 2022ko urt. 19a, 13:12

“Dont look up” diosku filmak, eta bene-benetakoa den errealitate gordina dakarkigu mahai gainera. Pelikulan kometa erraldoi bat mundua suntsitzear da, eta hil edo bizikoa den  egoeraren aurrean, kapitalaren interesak interes unibertsalen gainetik ageri dira.   Ezaguna zaizu ezta?

Lan erreforma, europar funtsak, pentsioen gorakada, inflazio ikaragarria, indarkeria matxistaren gorakada etengabea, lehen arreta kinka larrian… 29ko kraketik egon den krisi handienaren aurrean egon gaitezke eta gizartearen gehiengoa behiak bezala, trenari begira. Oligarkiaren botereak ez du mugarik, ez eta aurre egingo dionik ere.

Agertoki politikoan esperantza gutxi, eta sinesgarritasuna behera doa etenik gabe. Progresismo politikoa hipokrita eta antzua da: etxegabetzeak gora doaz, argindarra gora doa, neurri autoritarioak zuritu dituzte... Kalte txikienaren politika inoiz bukatzen ez den istorioa da eta dena aldatzeko politikarentzat oztopo zuzena. Ezin ditugu mundu justuagoa eta mundu justua nahasi.


Hobe genuke gora begiratu baino, Berbaxerkan orduak eta orduak pasa baino, eguneroko zurrunbiloak jan gaitzan utzi baino, segundo batez ingurura begiratuko bagenu. Mundua obratan dago eta guk ez dugu ezer apurtu, baina kometarik gabe ere, dena gal liteke. Berandu baino lehen, antola gaitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!