Eztulen sinfonia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Bengotxea 2025ko api. 4a, 12:00

Pandemia madarikatua gainera etorri zitzaigunetik 5 urte pasatu dira jada eta azken aste hauetan horren inguruko berri eta erreportaje hainbat ikusteko edo entzuteko aukera izan dugu. Arratsaldeko  zortzietako txalo zaparrada, sanitarioen lana, telelanaren etorrera, txertoak, muxukoen inguruko korrupzioa, inor alboan ez zutela zendutakoak… 
Antzokiei buruz ez dut asko irakurri baina ondo dago gogoratzea arnas gune garrantzitsua izan zirela; aforo mugatuekin, bai, baina etxetik ateratzeko aukera paregabea izan zen eta hori posible izateko bertako arduradunen lana, izugarria. 
Ez dizuet inolaz ere esango hori guztia faltan botatzen dudanik, baina bada antzokietan, hain zuzen, faltan botatzen dudan zerbait: isiltasuna; artisten lanaz isiltasunean gozatzeko aukera. Goxoki paperen zaratarik ez, mugikorren hotsik zein argirik ez eta noski, eztularik ez. Pandemia garaian eztula hobeto kontrolatzen ikasi omen genuen, gainontzeko ikusleek kutsatuta ote geunden pentsatuko ote zuten beldur, agian. Baina egun, berriz ere, eztulen sinfoniaz “gozatzeko” aukera dugu antzoki zein entzun aretoetan. Behintzat eskua edo zapitxo bat ahoan jarriko balute zarata nolabait ekiditeko … Baina ematen du batzuek beraien eztula soloa egiteko irrikaz daudela, ondo proiektatuta gainera. Lotsarik gabe. Inguruan gainontzeko ikusleak daudela kontuan hartu gabe. Oholtza gainean dauden artisten lana errespetatu gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!