Traviata

Erabiltzailearen aurpegia Iker Bengotxea 2025ko ots. 7a, 13:38

Joan den igandean operan izan nintzen: Baluarte Fundazioaren denboraldi nagusian programatutako “La Traviata”. Ongi pasatu nuen, baina ez nator hona horren kritika egitera, atentzioa deitu zidan beste zerbait goraipatzera baizik.
Jakingo duzuenez operaren itzulpena jarraitzeko aukera egoten da goitituluen bitartez. Ba, opera hasi eta lehenengo hitzak entzutearekin batera, hara sorpresa! Goitituluak gaztelaniaz irakur zitezkeen, beti bezala, baina baita euskaraz ere.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zikloan programatutako hainbat lanetan goitituluak elebitan irakur izan ditugu, bai, baina esango nuke Baluarte Fundazioaren denboraldian programatutako opera batean lehen aldiz izan dugula itzulpena euskaraz jarraitzeko aukera; euskara txukunean gainera. Bazirudien atzean itzulpen eta egokitzapen lan txukuna zegoela, anonimotasunean geratzen ohi den lan horietako bat. Hemen etorri zen bigarren sorpresa, eskuko programa hartu eta itzulpena eta moldaketaren arduraduna bertan aipatzen zela ikustean.
Eskertzekoa da adimen artifizialaren garai hauetan oraindik nonbait kalitatezko itzulpenak gozatzeko aukera edukitzea, eta are gehiago egindako lanari merezi duen balioa ematea, itzulpenaren egilea aipatuz.
Beraz, zorionak goitituluen arduradunei eta Baluarte Fundazioari kalitatezko euskarazko itzulpenaren alde egiteagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!