Olentzerori… “Zetak”!

Erabiltzailearen aurpegia Iker Bengotxea 2024ko abe. 20a, 14:20

Euskara maite dut. Batuan mintzatzen naiz, hala ikasi nuelako, eta nafarra izan arren tonuan gipuzkoar kutxu bat ere badudala diote askok. Nire hainbat lankideren zein bikotekidearen konpainiaren erruz, seguru. Hitanoa ikaragarri gustatzen zait; ez dut menperatzen baina azkenaldian gertuko jendearekin saiatzen hasia naiz; Eta euskalkiak… A ze aberastasuna!
Gogoan dut nola ikastolan oso serio hartu zuten gure euskararen S, X eta Z-ren doinuak bereizten eta ondo ahoskatzen ikas genezan. Zeinen polita gure Z, ezta? Gozoa, Itzela … Gure hizkuntza maitearen ezaugarri zoragarria.
Ba, azkenaldian nire buruari galdetzen diot gure Z maiteari  ez ote garen bullinga egiten ari, geroz eta gehiagotan entzuten baitut  S bihurtuta. Ez naiz euskalkiez ari, noski, teorian euskara formala edo batua erabili izan ohi diren testuinguruez baizik?  Noiz hasi zen zortzi zenbakia “Sortzi” izaten. Nagikeria kontua izango al da? Mingainak lan pixka bat gehiago egin behar du, bai, baina esfortzuak ez al du merezi, gure Z maitea entzutearen truke?
Onartzen dut. Euskararen erabileraren datuak ikusita pozik egon beharko ginateke Euskara entzute hutsarekin, ahozkotasuna edozein izanda ere, baina eskatzen hasita, nik aurten Olentzerori eskatzen diot Euskal Herriko etxe eta txoko guztietan barna, zetak barra-barra banatu ditzan. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!