Zigarro-mutxikin, zigarro-punta, zigarro-mutur; zigarreta-mutur, zigarreta-punta; zigarrokin.
Halaxe dio ElHuyar hiztegiak esaten diogula euskaraz, gaztelaniaz colilla izenez ezagutzen dugunari. Guztion artean “zigarrokin” hitzarekin geratuko nintzateke, hondakin hitzatik gertuen dagoena baita.
Wikipediaren arabera, hondakin txikia bada ere, oso toxikoa da, oso kutsakorra, 12 urte behar baititu desegiteko. Gehienek itsasoan amaitzen dute. Eta hala ere, gure egunerokotasunean hor daude barra-barra nahiz eta askotan ez ikusi.
- Bulegoan lanean eta erretzera kalera atera ostean, zigarro-mutxikina lurrera.
- Ospitale atarian, zigarro-punta, lurrera.
- Kotxean erretzen eta halako batean lehiotik behera zigarro-muturra.
- Entsegura berandu heltzen garen aitzakiarekin zigarreta-punta, lurrera.
- Herriko jai batzordearen bileraren atsedenaldian....
- Liburutegiaren kanpoaldean...
- Unibertsitatean... pribatuan eta baita publikoan ere.
- Parlamentuko atarian...
Ekintza super demokratikoa.
Aurrekoan nire lantokiaren harreran emakume bat kaleko hautsontzi publiko bat erabiltzen ikusi nuen. Emozioa eta guzti sentitu nuen. Badago esperantza oraindik! Beste bati ordea lurrera jaurtitzen zuela ikusi ostean zerbait erori zitzaiola esan nion eta zaplasteko bat jasotzear egon nintzen. Egia da; nor naiz ni ezezagun bati halakorik aurpegiratzeko?
Hori dela eta, klarionarena praktikatzen hasi naiz: Chalk of Shame izena duen mugimendu bat. “Lotsaren Klariona”. Zigarro bat, Zirkulu bat. Zoruan ikusten ditugun zigarrokinak kolorezko klarion batekin markatzean datza kontzientziazio ariketa gisa. Klariona egun gutxiren ostean desagertuko da, baina zigarro-muturra bertan geratuko, beste norbaitek kentzen ez duen bitartean behintzat, edo uraren eraginez itsasorainoko bidaia egiten hasi bitartean.