Antzokiak Euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Iker Bengotxea 2024ko ira. 27a, 11:55

Ikasturtea hasten da eta Arte Eszenikoei dagokienez, ohikoa da programazioa barra-barra topatzea Iruñerriko eta Nafarroa Garaiko hainbat eszenatokitan: Nafarroako Antzerki Eskola, Gayarre Antzokia, Baluarte, Civivox Sarea,  edo Nafarroako Antzoki Sareko gune eszenikoetan barna,  Musika, Dantza, Antzerkia, Zirku Garaikidea… eta bai, horietako hainbat proposamen, euskaraz. Ikusle datuek diote, egun, Arte Eszenikoek orokorrean ez omen dutela jendea erraz erakartzen, eta euskaraz direnean are gutxiago. Tira, telebistan jaiotako ekoizpenen egokitzapenak, edo bestelako arrakasta komertzial baten ondorioz taularatutako proposamenak alde batera utzita, noski.
Adibide gisa, polemikaz josita egon zen La Dramática Errante konpainiaren “Altsasu” lanaren estreinaldia, Nafarroan, euskaraz izan zen, Atarrabian. Baina aste batzuk geroxeago Gayarre Antzokian taularatzekoa zen gaztelaniazko bertsioaren aldeko apustua egin zuten hainbat euskaldunek.
Nafarroako konpainia batzuk ele bietan ekoizten dituzte beraien lanak baina azken aldian entzuna dut jada ez omen zaiela bideragarria euskarazko bertsioa taularatzea, emanaldi kopuruei eta ikusle datuei erreparatuta.
Etengabe edukiak euskaraz eskatzen ari garen garai hauetan ez ditzagun ahaztu zuzenean arteaz euskaraz gozatzeko aukera ematen diguten proposamenak. Bestela hemendik hainbat urte barru “Antzokiak Euskaraz” izeneko kanpainak sortzen ikusiko ditugu gure buruak, garai bateko eskaintzaz gozatu ez izanagatik damu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!