Urtarrila da eta aurten ere ez dut izena eman gimnasio batean. Behin egin nuen. Baina iraila zen. Eta, ezetz asmatu? Bai horixe, joateari utzi nion.
Kirola egin dut txikitatik. Eta, bai, txarra izan naiz beti. Horrek galerekiko jarrera positiboa izaten irakatsi dit. Ziurrenik, ezinbestean. Adibidez, gutxitan joan izan naiz frontenisean aritzera, baina ez naiz pikatu zalea, premisa bat jartzen dudalako beti mahai gainean hasi aurretik: txarra naiz gorputz esferikoa duten kiroletan, eta, tira, orokorrean. Baina dezepziorik ez dut eramaten, beste batzuek ez bezala. Zertara goaz, bestela? Lagunekin egotera, apur bat nekatzera, eta zerbait ezberdina egitera…
Tira, kontua da gimnasioan ez nuela nire lekua topatu. Ez nintzen bertara joaten den jende klasekoa: nire helburua ez zen txetatzea; nire helburua ez zen diziplinatzea; nire helburua ez zen kategoria sozialetan eskalatzea (desiragarri, maskulino…); are gutxiago gymbro bihurtzea. Eta errespetuz diot helburuok dituztenekiko.
Diotenez, gimnasioetan badira idatzi gabeko arau batzuk: hasi berriei irri ez egitea, ahal dela elkarri laguntzea… Eta bla, bla, bla. Baina badira beste batzuk ere: indartsuenak agintzen du. Eta gorputz eta identitate jakin batzuentzat ez dira batere espazio erosoak.
Urtarrila da eta aurten gimnasio batean izena eman baduzu lehen aldiz, kuraia on. Eta jada joateari utzi badiozu, pentsatu ongi zergatik ote den. Lana da benetan? Batzuentzat, akaso, hori da aitzakia. Beste batzuei, ordea, esaten ari naizenak sonatuko die…