Hasi zaizkigu liburu dendetako erakusleihoak nobedadez betetzen. Ikasturte honetan gehiago irakurriko dut, pentsatzen duzu. Baina nondik hasi? Eman dezakezu izena irakurle talde batean, edo bisita egin zure auzoko liburuzainei. Gomendioetara jo dezakezu, edo irakurtzeko pendiente dituzun goodreadseko zerrendatik aukeratu. Baina nondik hasi?
Nobedadeak irakurriz gero, prentsarekin eta kritikarekin egunean joango zara. Idazle gazteen alde egiten baduzu, berriz, esaten ahalko duzu hasieratik segitzen diezula pista. Klasikoak hautatuta, oinarri sendoz jantziko zara. Itzulpenekin, atzerriko begiradaz. Poesia irakurtzen baduzu, snobegi edo intensoegi bihurtzeko papeleta ugari izango dituzu. Saiakerarekin, militante nekaezin esango dizute. Estatuko literaturarekin esango dizute gurea traizionatzen ari zarela, eta inon kioskorik geratzen bada, kiosko batean best-seller bat erosiz gero, irizpiderik ez duzula.
Gomendio horiek guztiek ezer gutxirako balio dute, gero mesanotxean hautsa hartzen pilatzen bazaizkizu. Tsundokua esaten omen zaio dorre horri. Nik FOMO literario ere esango nioke, edo Zerbait Galtzeko Beldurra. Bete-betean sartu da kontsumoaren logika hona ere bai. Baina aldi berean, hau da hau paradoxa, inoizko aukera gehien dugunean, inoiz baino irakurle gutxien dugu.