Homofobiaz

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2021ko eka. 16a, 14:35

Hamaika urteko semeak amari esan dio: ama, igual handitan neska batekin ibiliko naiz e, ez mutil batekin. Irribar batekin erantzun dio amak. Halere, semeak azalpen hori eman beharrean somatu du bere burua, berak bi ama dituelako akaso. Eta igual bera ez delako sexu bereko pertsonarekin maiteminduko. Hori adierazi nahi zuen. Irauliko nuke eszena. Ama eta aita dituen seme bat, hamaika urterekin amarena joanda, -badakizue, kontu horiek gehienetan amari errezago- hauxe esanez: ama, igual ni handitan mutil batekin ibiliko naiz. Zailagoa egiten zait elkarrizketa hori irudikatzea, denak oso progreak garen arren. Armairu barruan bizi da oraindik jende piloa. Ulertzekoa da, bizi zaren testuinguruaren arabera askorentzat sexilioa baino ez delako geratzen. Edo Basauriko mutil gazteari eman dioten egurra, egurtu duten hamabost gizonek euren gizontasun eredu makur eta pribilejiatua auzitan ikusi dutelako. Beldurra edo obligazioa sentitu gabe pertsona bat maitatzea edo sexualitatea libre bizitzea ez da doakoa segun zein den aukera. Alimaleko lana egin du LGTBI mugimenduak, eta aurrerapauso itzelak lortu dituzte guztiontzat, duela hogei urte pentsaezinak izango zirenak. Baina humus homofoboak, lagun arteko iruzkinetan edo giroan somatzen direnak, nonahi agertzen direnak, bestelako erantzun batzuk behar dituzte. Isiltasunak konplize bihurtzen gaituelako, hemen ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!