Demagun: sei futbolari gizonezko hil dituzte astebetean Espainian: Lehen mailan jokatzen zuten hiru taldetako bost jokalari, eta bigarren mailan jokatzen zuen bat. Shocka eragin dute gertaerek gizartean. Egin dituzte elkarretaratzeak hiriburu guztietan. Pankartaren buruan egon dira erakundeetako maila goreneko arduradunak, presidente, lehendakari eta kontseilariak. Agindu dute geratuko dituztela hilketak. Gogoeta egin dute: hilketetara iristeko ernamuina futbol zelaietan egon dela ondorioztatu dute. Pandemia aurreko garaietan giroa oso gori egon ohi zen futbol zelaietan. Irainez gain, laido arrazistak, homofoboak eta sexistak ohikoak ziren futbolarien aurka. Zenbait eraso ere identifikatuak zituzten, baina ez zuten uste gehiagora joko zutenik. Ehunka milaka pertsonek egiten zuten praktika zen, futbol zelaiak mukuru, ezker-eskuin entzuten zirelako laidoak futbolarien aurka. Erakundeetatik agindu dute sail guztiak elkarlanean jarriko direla egiturazko arazo horri aurre egiteko: hezkuntza, justizia, ekonomia, garapena… lantalde transbertsala sortuko dute. Aldagai bat alda dezagun. Ez dituzte gizonezko sei futbolari hil, indarkeria matxistak hil ditu bost emakume eta haur bat astebetean. Hori ez da balizko bat, gertatu egin da. 2004tik 1.092 emakume eta adingabe hil ditu indarkeria matxistak. Akatzerako jasan dituzte laidoak, erasoak, eta ehunka milaka gara bizitzan zehar jasan izan ditugunak, edo jasango ditugunak. Baina ez gara gizonezko futbolariak.