“Si se ha ahorcado, se ha matado” esan dit amak, ohikoa duen umore beltzarekin, esan didanean Gipuzkoako herri txiki bateko emakume batek bere buruaz beste egin duela eta ni sinestu ezinda nengoenean. Buru osasunean adituak direnek ohartarazi dute hurrengo pandemia horixe izan litekeela: ondorio psikologikoena. Prekaritateak, ziurgabetasunak, bakartzeek eta beldurrek barrutik jaten dute bat. Antsietate eta depresio diagnostikoek nabarmen egin dute gora pandemia aroan eta osasun sistema publikoak ez du a basto ematen. Beharrezkoa da psikologoak osasun sistemaren sare publikoan sartzea, pribatua gainezka dagoelako, eta ordaindu ezin duenaren diagnostikoak gero eta okerregora egingo duelako. Zerk eragin du, baina, kasuek gora egitea eta larriagoak izatea? Prekaritateak, ziurgabetasunak, beldurrek, bakartzeek… beste hainbat arrazoiren artean. Bizitzak duinagoak balira, diagnostiko horien datuak hain kezkagarriak ote ziren? Ezezkoan nago. Psikologoak jartzeak lagun dezake, baina zerbait gehiago ere beharko da. Zuhaitzek basoa estaltzen dute maiz, eta okerrena da propio jartzen direla maiz zuhaitz batzuk, basoa estaltzeko.