Hasi gara udaberriko antxoa ikusten arraindegietan. Zabalduta dago iruditeria kolektiboan arrantzaleen lan heroikoa. gauez baporean antxoa bila ateratzen direnekoa, arraindegietan fresko eta on eduki dezagun. Inor gutxi akordatzen da, ordea, sare konpontzaileez. Bajurako arrantzan ezinbesteko tresna da sarea. Bi kanpaina dituzte bereziki: udaberrikoa, antxoarekin; udakoa, atunarekin. Antxoa sarearekin harrapatzen da, eta atuna kañaberarekin. Baina kañaberan amurako jartzen den garnata harrapatzeko ere sarea behar da. Sare horiek oso-osorik saregileek egiten dituzte. Piezako erosten dira, eta muntatzen dira goian kortxoa, 700 metro luze, 300 bat metro hondora, eta behean berunezko sokak josten dituzte, sarea hondora joateko. Josketa horretan sekulako artea dago, profesionala eta kualifikatua. Eta arrantzaleen jardunean, baporeak itsasotik bueltan sare hautsiarekin baldin badatoz, maiz gertatzen den kontua, saregileek osatzen dituzte sareak, urteen poderioz lortutako jakinduriarekin, teknikarekin eta maistraki. Sareak ondo egotea ezinbestekoa da patroiak konfiantza izan dezan berriz ere arraina harrapatzeko. Sarerik gabe, ez dago antxoarik. Eta saregilerik gabe, ez dago sarerik. Lan prekarioa, aitortzarik gabea eta gaizki ordaindua izan da. Guztiak dira emakumeak. Baina ia igaro zen martxoaren 8a, ez…?