Kataluniako hauteskundeetatik tiraka, bi argazki:
Baga: Laura Masvidalek eta Blanca Bragulatek ez zuten sekula pentsatuko euren senarrak espetxeratuko zituztenik, eta eurak asteburuetan kartzeletarako jiran ibili beharko zutenik. Beraiek aitortzen zuten klase ertain-altuko bizimodua eman zutela. Etxebizitza bat Bartzelonan, beste bat Kataluniako kostan, seme-alabak unibertsitaterako bidean… baina Joaquin Forn eta Jordi Turullen emazteak dira Masvidal eta Bragulat, hurrenez hurren. Forn Kataluniako Barne kontseilaria zen eta Turull ere Generalitateko kontseilaria zen. Urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitu zituzten Forn eta Turull, gainerako gobernukide eta gizarte eragileen liderrekin batera. Auzitan dagoen hirugarren gradu batean daude gaur egun biak, gainerako preso independentistekin batera. Izan ere, klasearen aldagaia ere nabarmentzekoa da independentismoaren sostenguan. Eta igandeko emaitzek hori ere berretsi dute. Egiturazkoa da independentismoa, Julen Aperribai Berria-ko kazetariak Jordi Muñoz politologoari egin dion elkarrizketan ondorioztatu duen gisan. Erabat transbersala da, baita klaseari dagokionean ere.
Biga:Abstentzioa oso handia izan da, baina bi aldeetan. 2017ko hauteskundeetako parte hartzea ohikoa baino altuagoa izan zen: %68koa. Oraingoan, %50 ingurukoa. Baina etxean geratu direnak bi aldetakoak izan dira. Independentismoak 700.000 boto gutxiago jaso ditu, bai; baina unionistek ia 900.000 boto gutxiago. Eta emaitza dena da: independentista da gehiengoa botoetan eta eserlekuetan.
Eta Higa: Clara Ponsati Hezkuntza kontseilari ohi erbesteratuak dioen bezala: “Kaleko indarra artikulatuko duen klase politikoa behar da orain”.