Deitu du pertsona batek Berria-ko erredakziora kezkatuta, larrituta. Bera ospitale bateko ZIUtako langile bat da, eta ikusten ari da, bera koronabirusa harrapatzeko arrisku taldeen lehen lerroan dagoen arren, ospitale horretako kudeatzaileek zein lehen lerroan ez dauden beste pertsona batzuek hartu dutela txertoa berak baino lehenago. Gertatu da. Gertatzen ari da. Berak bizi du, eta kontatu behar dela uste du. Baina ez du izenik eman nahi, ezta ahotsik grabatzea ere, beldurra duelako gerta dakiokeenarekin. Osasun publikoko langile bat da, eta beldurrez dago gertatzen ari dena kontatzeko, zer gerta ere. Animalia zauritua omen da arriskutsuena, eta traza hori hartu diot Jose Luis Sabasi, Santa Anako ospitaleko kudeatzaile ohiari, txertoa hartu duela aitortu ostean dimisioa eman du, eta elkarrizketa bat ere bai. Esan du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak bazekiela txertoa hartuko zutela, eta Iñaki Azkuna, hamarkada luzetan Osasun sailburu eta Bilboko alkate izandakoa du gogoan, hala esaten omen zuen: ”Denak lurrera, gureak datoz eta” EAJri erreferentzia eginez. Eta Jaurlaritzan zur eta lur geratzen dira EAJren ingurukoek txertoa hartzeko bidezidorrak eduki ahal izan ote dituenaren inguruko susmoa zabaldu delako. Eta Urkulluk dio triste eta haserre dagoela. Eta harritzen dira kaos handi xamarra transmititzen duten txertoen planifikazioari buruz galdetzen diegunean. Hala sufritu zuen Berria-ko kazetari Amaia Ramirez de Okarizek, Sagarduiri galdetu zionean ea Jaurlaritzako arduradunek txertorik hartu duten edo hartzeko asmorik duten. Suminduta erantzun zion Sagarduik: “Barkatuidazu, baina esan behar dizut itaun hori desegokia iruditzen zaidala egoera honetan”. Galdera egokiak eta desegokiak zeintzu diren politikariek ezartzen duten punturaino iritsita gaude. Gertatzen ari dena kontatzeko beldurrez dagoen langile publikoa, “egin behar zena egin duela” sinesten duen kudeatzailea eta, pandemia baten erdian, erakundeetatik informazio gardena eta sinesgarria topatzea kimera bihurtu den garaiotan, galdera egokiak zeintzu diren zehazten dituen politikaria. Liburu baterako osagaiak eman nahi ditut gaur, inork heldu nahi badio.