Moriak su hartu ez balu, agian ez ginen jabetuko Europa barruan bertan nola gertatzen diren eskandaluzkoak diren zenbait jokabide. Moriako erretratuak izeneko dokumental gordina jarri du Berria-k sarean. Euren herrietako su, gatazka, gerra eta bortxatik ihesi odisea dramatiko bat iragan duten 20.000 pertsona, hezur haragizkoak, zu eta ni bezelakoak, pilatuta zeuden Moria izeneko kanpalekuan, Grezian, demokraziaren sorlekuan. Irailaren hasieran su hartu zuen, baina. Iñaki Agirre kazetaria bertan zen, eta kazetaritza humanoari dagokion lan aparta egin zuen. Utzi datuak, Europako Batasuneko gobernuek edo inora iristen ez diren lantaldeek edo batzordeek immigrazioari buruz egin ditzaketen adierazpenak, eta joan pertsonengana, han, Morian bizi zirenengana, eta ikusi nor diren, zerk eraman dituen euren jaioterritik ihes egitera, zer aurkitu duten Europan. Ispilu baten aurrean jartzen gaituzte, gordin. Bizipen asko, zein baino zein gordinago jasotzen ditu Agirrek egindako bildumak. Bada datu bat buruan itsatsi zaidana: Moriako kanpalekuan dauden emakumeen %40ek sexu erasoren bat jasan dute. Londresko Cityan lana egiten duten emakumeen %40ek sexu erasoren bat jasan izan balute, edo Madrilgo Salamanca auzoan bizi direnek, edo Iruñeko Lezkairun, edo Donostiako Mirakontxan… orduan beste kuku batek joko luke. Epel uzten ez duen dokumentala Berria.eus webgunean dago, Moriako Erretratuak izenarekin, ikustera ausartzen denarentzat.