Txikiteroak 2070ean

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2020ko aza. 11a, 12:27

"Animo, e. Eutsi! Itzuliko gara", esan dio bezeroak tabernariari ostiral iluntzean, tabernako atea ixterako. Herritarren babesa somatu dute askok. Elkartasuna ukendu bada ere, oraindik ez du, baina, sabelik betetzen, eta ez ditu fakturak ordaintzen.

Sekulako funtzio soziala betetzen dute gurean tabernek. Non eman ditugu gutako askok lehen muxuak, hango eta hemengo pertsonak ezagutu, ustez begiratzen zintuena beste batekin ikusi ostean trago mingotsetan ito lagunekin, mendi buelta baten osteko salda beroak, filma edo antzerki saio baten osteko bokata gozoak.

Milaka familik jaten dute ostalaritzatik. Dagoeneko itxi direnez gain, errestan etor daitezkeen itxierak ere aintzat hartuta, milaka pertsonei jaten ematen zien bizimodurako erakundeetatik orain arte jaso duten ez-babesa ere ez da sinestekoa.

Eta testuinguru honetan entzun dut hamasei urteko gaztea, bere burua 2070ean irudikatuta, honakoa esanez: "Imajinatzen dut nire burua hemendik 50 urtera, lagunekin txikiteoan nabilen bitartean hau esanaz: gogoratzen al haiz pandemiaren urte hartan nola ez gintunan etxetik ateratzen! Zenbat kontzertu bertan behera, asteburu guztiak etxean sartuta, zenbat parranda
galduta...". Ez dituzte berriz hamasei urte izango, eta etapa horretan erre beharrekoak
lapurtzen ari garen usteak nahigabea eragiten dit. Zer nolako etorkizuna datorkigu, gaztetasuna lapurtzen ari garen gazteengandik? Nolako helduak izango ote dira?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!