Beste era bat

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2020ko eka. 10a, 12:16

Eguneko argazkiaz ari garenez, pausa dezagun irudi bat: ireki dira hiru hilabeteren ostean zahar etxeak, eta senideak ikusi gabe egon ostean, jaso dituzte lehen bisitak egoiliarrek. Sendiak sartu dira, maskarekin, segurtasun neurriak gordez, eskuak garbituta, eta bi metrotarako distantziara agurtu dute ama, aita, osaba, amona… ezin izan diote elkarri eskua eman, besarkatu, aurpegi soilak ikusi.

Karmele Jaio idazleak bota du hau txio batean: “Ia hiru hilabete elkar ikusi gabe. Gaur ikusi dut azkenik ama, ordubete, bi metrotara. Hasieran eskua eman nahi zidan. Ezin dugula esan diot. Bukatzean besarkada eskatu dit. Ezin dugu, ama. Zaharren egoitzatik baino, kartzelatik irteten nintzela sentitu dut”.

Benetan beharrezkoa da horrela izatea? Matia eta Hurkoa fundazioek egin dute gogoeta etiko bat elkarrekin, eta gaur Berrian, Arantxa Iraola kazetariak jasotzen du Alberto Uriarteri egindako elkarrizketa batean. Uriartek dioenez, ‘osasun’ kontzeptuaren barnean, “Erabakien dimentsio psikologikoa, soziala eta espirituala ez dira aintzat hartu, eta horiek ere osasunaren parte dira”. Adineko pertsonekin edo desgaitasunen bat dutenekin dihardute lanean, eta ohartarazi du dimentsio horiek ez aintzat hartu izanak utzi dituela ondorioak. Bakartzea beharrezkoa bada, ez dute zalantzarik egiten hala egin behar dela, baina guztiei irizpide bera jartzea ez dela beharrezkoa dio, langileen ahotsa aintzat hartuta. Bidegabekeria izugarriak egin dira azken hiru hilabeteetan zahar etxeetan, ez ditzagun areagotu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!