Facebook-ek Berria-ren artikulu bat zentsuratu du. Iñigo Astiz kazetariaren Erreskaterako sei artelan erreportajea argitaratu zuen maiatzaren 3an Berria-k; museoek ateak itxi dituztenez, Astizen ariketa izan zen hainbat museotako zuzendariei pieza bana nabarmentzeko eskatzea, tartean, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak Esther Ferrer artistaren Gorputz Ekintzak lana hautatu zuen. Ferrerren lau ekintza enblematiko jasotzen dituen bideo erregistro bat da pieza, eta bertan emakume bat ageri da, biluzik.
Berria-k oharra jaso du Facebooken aldetik; haren ustetan artikuluak «biluziei buruzko arauak» urratzen ditu, eta, zentsuratu egin du. Biluzi gisa deskribatzen ditu «uzkia edo ipurmasaila» erakusten dituzten argazkiak, «emakumeen titiburuak» erakusten dituztenak eta genitalak ageri direnak.
Edukia ezabatzeaz gain, sare sozialak abisua egin dio BERRIAren Facebookeko orrialdea kudeatzen duen kazetariari; berriro gertatuz gero, 24 orduz itxiko diote kontua.
Ez da kontu berria. Jakina da ehunka zentsoreri ematen diola jaten facebook-ek. Ia 2.500 milioi pertsonek erabiltzen dute hilero. Munduan kaptatu gehien dituen sare soziala da. Eta hemen gabiltza gu, gure bizitza sare sozialetan kontatzen, zer idatzi edo irakur dezakegun eta zer ez gure ordez, XXI. mendeko poliziek erabakitzen duten artean.