Bezeria bezatua

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2020ko api. 29a, 14:50

Berrogeialdi honetan saldoka ugaritu dira online bidezko erosketak. Nondik norakoaz pentsatzen jarrita Anjel Lertxundik Berrian hilabete bakoitzeko lehen igandetan oparitzen digun perla horietako batetaz akordatu naiz. Ez ote garen gu mundua galduko dugunak zuen izenburua. Iazko apirilaren 7an argitaratu zen.

Harrigarriki, azken asteotan ikusi dugun panorama bat deskribatzen zigun Anjel Lertxundik maisuki. Izan ere, “hain da erosoa online erostea”, dio pasarte batean. Erosleak badauka, baiki, herrietako komertzio txikien estuasunen berri, “baina nork esaten dio ezetz pagotxa bati” gehitzen du artikuluan. Lertxundik ezinhobeto diseinatutako estrategia batetaz ohartarazten digu. Komertzio txikiek ezingo diote eutsi herritar guztiek, demagun, Amazonen, erosten badute. Eta itxi egin beharko dute. Baina halako batean, Amazon ohartzen denean, Lertxundik dioen gisan, “bezeria ondo bezatua daukala”, Amazon eta antzekoen zerbitzua ez da batere adeitsua izango: ez ditu itzulketak onartuko, prezioak garestituko ditu, pagotxak pagotxa izateari utziko dio, eta orduan bezeroa herrian zeukan dendari harekin akordatuko da… Baina kaleak hutsik izango dira ordurako, eta entzun zer idazten zuen iazko apirilean Lertxundik: “denok ariko baikara gure etxeetako isolamendutik online konektatuta, baina ez eskariak egiten, protestatu nahi eta ezinean baizik, gure erosketa iritsi ez delako, produktu gehienak ikaragarri garestitu dituztelako, ahots metaliko batek ere atenditzen ez dituelako gure protestak…”. 

“Non dira aintzinako kaleak” galdetzen omen zuen 1463an François Villonek. Osorik irakurri eta gordetzea merezi duen artikulua da, jarraitzen duelako gizarte eredu distopiko bat marrazten. Ez gaude hain urrun hortatik. 

Amaitzen du esaten hau: “zenbat egun ezertaz ohartu gabe, zenbat jende ezertaz harritu gabe, zenbat oker ttiki (ustez) garrantzi gabeak amildegira bidean”. 2019ko apirilean esan zuen hori. 2020koan ohartzeko astia izan dugu, harritzekoa ere bai… behar den gauzei garrantzia ematekoa ere baietz esango nuke. Artikuluaren izenburuak dioen moduan, “ez ote garen gu mundua galduko dugunak”, ordea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!